XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Ia egun osoa kantu eta solas artean goxoki pasatu ondoren, afaltzeko tenorea ere heltzen da gau aldean.

Batzuek Kilometroak edo ikastolen aldeko festa giroekin konparatzen dute hemengoa.

Eguerdiko gisan oraingoan ere herri afaria dago prestatua.

Eta afalostean, dantzaldia Jean Flesher eta Jean-Louis Curutcheten eskutik.

Ez dakigu baterian Denis Petrissans, Catherine Flesher edo Rene Caballero ibiliko den, hirurek eskarmentu ederra baitute euskal festetan jotzen; edo agian kasta urepeldarreko Mike Alfaro gazte egonezina, hiru urteak pasatu baitira zeruko inspirazioa jin eta Armadara boluntario joan zenetik, Alaskako lurretara.

Aurten, jadanik lizentziatua, berriz ere dugu gure artean, kantuz eta umore onez.

Harro azaltzen du Mikek eskuineko besoan daraman ikurrin tatuatua.

Gardnervilleko hotel eta jatetxe-kantina euskaldunak aipatzen genituen lehen.

Badira, aldi berean, lehen aipatu dugun Minden-en zein hemendik ordu laurdenera dagoen Carson City hiriburuan euskaldunen esku dauden hotel eta gehiago baina beren burua Basque; markarekin saltzen ez dutenak, nagusiak euskaldunak izan arren.

Gardnervillen hola dira Louis Bustanoby-ren Westerner Motela eta Jean-Pierre eta Anita Izocoren Sierra Motel.

Carson Cityn ere, Michel Etchemendyren Mill House Inn Motel eta Jean-Pierre eta Annie Gecambururen Pioneer Motel.

Eta Mindenen, Gabriel eta Jackie Basagoitiren Holiday Lodge.

Sasoi honetan bestela ere, baina Kantari Egunaren asteburuan, aipatu guztiak beteta egon daitezke, baldin eta aldez aurretik erreserba egin ez baduzu.

Guri dagokigunez, gure lagun Bixentek eginiko erreserbei esker atxeman ahal izan dugu gela eta primerako ohea (...).